Deskribapena
Palestina, nazioarteko albiste beltzen atalean leku finkoa duen herria. Ez da harritzekoa, palestinar herriak urte gehiegi baitarama bere askatasuna aldarrikatzen eta Israelen okupazioa eta ankerkeria pairatzen.
Baina Palestina hori baino gehiago da, noski. Gainerako herrien antzera, Palestinak ere baditu bere arazo eta asmoak, bere etsipen eta ametsak. Egiazko gizarte hori da, hain zuzen, ipuinotan agertzen zaiguna.
Ipuinak dira, bai, baina gatazkaren eta gatazkaz landako bizitzaren lekukotasuna eta kronika ere badira orrialdeok.
Jo Glanville kazetariak Palestinako hamasei emakume idazleren begiradak bildu ditu liburu honetan eta beste kazetari batek, Ane Irazabalek, bertako emakumeen egoeraren eta haien borroka isilaren berri eman digu sarrera mamitsu batean. Horretara, hemezortzi emakumeren ikuspegitik hurbilduko gara Palestinako errealitate gogorrera.