“Beduino bat Karibe aldean” liburua aurkeztu dugu

 In Albisteak

Ali Salem Iselmu saharar idazlearen Beduino bat Karibe aldean liburua aurkeztu du Erroa argitaletxeak. Liburuan idazleak bere bizitzako pasarteak jaso ditu, Sahara kolonialaren haurtzarotik hasi, kanpamentuetako erbestera gero, handik Kubara ikasle moduan ibilitakoak eta ondoren Espainiako eta Euskal Herriko deserrian jazotako pasadizo eta gogoeta ugari. Aurkezpena astelehenean egin genuen, Mendebaldeko Sahararen aldeko elkartasun ekitaldia bihurtuta. Durangoko Azokan ere aurkeztuko da liburua -astelehenean Ahotsenean- eta bertan egongo da salgai, Erroa argitaletxearen stand-ean.

Liburuaren aurkezpena profitatu nahi izan dugu bertoko saharauiekin eta euren alde lanean ibiltzen diren hainbat lagunekin bildu eta Saharari buruz jarduteko, Sahararekin bat topaketa antolatuta. Izan ere, ekitaldiaren aurkezpenean Xabier Monasteriok azaldu zuenez, liburu honekin abiatu dugun Herrien mintzoa bilduman askatasuna kendu zaien herriak, herri zapalduak eta herri ukatuak direnen zerrenda luzetik balio literarioa duen lan esanguratsu bat aukeratu eta, euskarara ekartzeaz gain, hitzaurrearen bidez herri horren gatazkaren testuingurua azalduko dugu. Topaketa honekin are gehiago gerturatu gara sahararren kausara.

Aspaldikoa da euskaldunon Sahararekiko elkartasuna (SEADen lagunen Bizkaiko elkartea 1976an sortu zen, bertako kide den Edurne Ribasek gogora ekarri zuenez), horregatik hainbat lagunek hartu zuten parte. Edurnek, Otsailak 27 koordinadoraren izenean, elkartasun karabanaren berri eman zigun eta janari zein diru bilketan parte hartzera gonbidatu gintuen, uholdeen ostean kanpamenduetan egoera are larriagoa dela azaldu ostean. Itziar Iturrik, Euskal Fondoaren eta beste euskal instituzio batzuen laguntza ekarri zuen gogora.

Malainin salama kazetari sahararrak gatazkaren egungo egoeraren berri eman zigun eta Joseba Apaolaza aktoreak bere testigantza ekarri zuen, aktore lanetan zonalde liberatuak eta bisitari moduan gune okupatuak bisitatu baitzituen, bertan sahararrek bizi duten zapalkuntzaren berri emanez. Oso giro onean, jan-edanak eta teak lagunduta, Mohamed Embarek musikari eta kantariak, gaztelaniaz eta hassaniaz konposatutako abesti ederrak ekarri zizkigun eta baten bat dantzan ere ausartu zen.

Esan bezala, Durangoko Azokan ere aurkeztuko dugu Beduino bat Karibe aldean. Aurkezpena astelehenean izango da, abenduaren 7an, 12:00etan Ahotsenean. Arratsean, berriz, liburuak sinatzen izango da Ali Salem Iselmu, Erroa eta Zenbat Gararen erakustokian (Goienkale 79).

Recent Posts

Leave a Comment

Mezua bidaliguzu

Bidaliguzu mezua eta saiatuko gara ahal bezain laster erantzuten.

Not readable? Change text. captcha txt

Start typing and press Enter to search