Aire Aizpen “Bidexka” diskoa aurkeztuko dugu Durangon #azoka49

 In Albisteak

Aire ahizpen lehendabiziko diskoa, Erroa argitaletxearen estreinakoa ere baduguna, aurkeztuko dugu larunbatean, abenduaren 6an Durangoko Azokan. Larunbat eguerdian Azoka Telebistan izango dira, 12:00etan, “Bidexka” CDaren aurkezpena egiten eta kantu batzuk zuzenean jotzen. Ekoizpen honek Soinu eta Doinu bilduma zabaldu du, eta Erroaren liburu berriekin batera aurkitu ahal izango duzue Zenbat Gara elkartearen erakusmahaian (Goienkale 73-74), 10 euroan. Hemen duzue CDari buruzko informazioa, singlea, bideoa eta datu teknikoetarako lotura.

Zaila zaie, arras zaila, musikari berariaz lehen aldikotz noiz erreparatu zioten oroitzea. Haien etxean musika beti egon baita giroan, airea eguratsean dagoen bezala. Bazkaltzeko tenorean irratiz entzuten zituzten bertsoak izanen ziren menturaz, sehaska kantekin batera, haien lehenbiziko oroitzapen musikalak. Etxe hartan bertsoak liturgia baten antzera entzuten baitziren, aita Mixel Aire bertsolaria izaki, eta aitatxi, nor eta Xalbador bertsolari gailen bikaina!

Amak etxeko pianoan egin ohi zituen harmonizatze lan ederrak eta joaldi gozoak, bistan denez, kantuan hasteko bertze gomit handi bat ziren, hiru alabek sekula ere errefusatu ez zutena. Etxeko lanak elkarrekin egiten aritzen zirelarik, amak maiz erraten omen zien: «Zuek edo kalapitan ari zirezte edo, bertzenaz, kantuz emaiten duzue egun guzia». Ordurako hiru ahizpek —Miren, Amaia eta Paxkalin Airek— sakonki txertatua baitzeukaten bihotzaren zolan kanturako zaletasuna.

Etxetik eta etxekoengandik jaso dute, beraz, musikaganako maitasuna, tradizioak jasotzen diren berezko moldean, hain juxtu ere. Egungo egunean teknologia berriek musikaren entzule eta kontsumitzaile xoil bilakarazi gaituzte. Gutariko gehientsuok erabat utzi diogu lagunartean kantatzeari; lotsatu bezala egiten gara, inoren aurrean kantatu behar dugularik; eta inoiz paperen beharra ere izaten dugu betiko kanten hitzak oroitzeko. Alabaina, Aire ahizpak, haur denboratik kantu arizaleak izaki, naturaltasun osoz lotzen dira kantuari lagunartean nahiz ageriko emanaldietan. Musikaz denaz bezainbatean, haiek ez baitira entzule, partaide baizik. Musikan partaide, eta sortzaile ere bai, ber denboran.

Aita-amek etxean zituzten diskoen artean baziren batzuk, anitzetan entzuten eta kantatzen zituztenak. Ez Dok Amairu taldearen inguruan zebiltzan musikarien kantak ziren, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Lourdes Iriondo eta Xabier Leterenak, besteak beste. Entzun ahala, kanta haietan, musika ederraz gain, mezu sakon eta jakingarriak ere bazirela ohartu ziren Miren, Amaia eta Paxkalin. Orobat, euskaldun jendearentzat bihotz altxagarri gertatzen zirela ere ohartu ziren eta orduan barnerago atxiki zituzten gogoan gurasoen kantak.

Horiek dira, hain xuxen, estreinako disko honetan Aire ahizpek eskaini nahi dizkiguten kantak. Garai jakin batekoak izanagatik ere, denboraren joanean klasiko bihurtu diren kantak, euskal kantagintza berriaren sortzaileen ahotik ikasi genituenak: Mixel Labegerie, Eñaut Etxamendi, Mikel Laboa, Lourdes Iriondo, Xabier Lete, eta beste.

Gainera, zeuden-zeudenean ekarri nahi izan dizkigute, bakoitzaren doinua eta hitzak den mendrenik ere aldatu gabe, baina amari ikasiriko harmonizatze ederrez eta beren ahots paregabeez apaindurik, noski.

Disko honen bidez, Miren, Amaia eta Paxkalin Airek omenaldi gisako bat egin nahi diete nola sortzaile horiei hala beren gurasoei, kulturaren transmisioan bidea ez eteteagatik. Aire ahizpen disko hau, funtsean, BIDEXKA xume bat da, inoiz geldirik ez dagoen tradizio zahar-berriaren bide nagusiari estuki lotua dena.

Deskargatu HEMEN “Eia, eia” abestia MP3 formatuan. Informazio gehiago hemen.

Recommended Posts

Leave a Comment

Mezua bidaliguzu

Bidaliguzu mezua eta saiatuko gara ahal bezain laster erantzuten.

Not readable? Change text. captcha txt

Start typing and press Enter to search