Irakurketa errazeko bi liburu berri Durangoko azokarako
Durangoko azokan gure “Euskara errazean” bildumako bi liburu berri aurkeztuko ditugu: “Gure amaren sekretua” eta “Altzateko Jaunaren elezaharra“. Biak Zenbat Gararen stand edo erakumahaian (Goienkale 73) aurkitu ahal izango ditugu, Erroa argitaletxearen gainerako liburuekin eta Bidexka diskoarekin batera. Liburu bakoitza 10 euroan erosi ahal izango duzu bertan.
Gure amaren sekretua liburua, Jenny Lynn Witterick kanadiar idazleak idatzitako nobela dugu, Bigarren Mundu Gerran girotua, Xabier Monasteriok euskara errazera moldatua. Alemaniar naziek Polonia mendean hartu dute. Han ere juduek egun beltzak bizi dituzte. Naziek jazarri eta hil egiten dituzte, juduak izate hutsagatik. Eta norbait haiei laguntzen harrapatzen badute, bera ere hiltzen dute. Eleberri hau egiazko gertaera batean oinarrituta dago eta Franciszka Halamajowaren istorioa kontatzen digu. Emakume honek, bere alabaren laguntzaz, bi familia judu eta alemaniar soldadu iheslari bat ezkutatu zituen bere etxean, bien bizia arrisku gorrian jarrita.
Altzateko Jaunaren elezaharra, berriz, Pio Barojak idatzitako nobela da, Xabier Monasteriok euskara errazera ekarrita. Bera herriko Altzate auzoan lasai bizi ziren euskaldunak, Erdi Aroan kristautasuna heldu eta haien pentsaera eta bizimodua goitik behera aldatu zituen arte. Kristautasunaren aurreko eta osteko gizarteak elkarri kontrajarriz, Pio Baroja idazle donostiarrak Euskal Herri osoaren orduko irudi ederra egin zigun Altzate auzotik.