“Kresala” eta “Piztiak eta piztitzarrak” liburu berriak Durangorako

 In Albisteak

Bi liburu berri aurkeztu ditu gaur goizean Erroa argitaletxeak: Sakiren Piztiak eta piztitzarrak ipuin bilduma eta Txomin Agirreren Kresala eleberria. Klasiko biren egokitzapenak dira biak, egunko idazmoldeetara ekarriak eta ilustrazioz hornituak. “Euskara errazean” bildumaren baitan argitaratu ditu Erroak bi goiburu berri hauek eta egunotan Durangoko Azokan salgai izango dira, Zenbat Gararen erakustokian (Goienkale 31), iragan astean aurkeztutako Gabrielen Lekua disko-liburua bezala.

Kafe Antzokian eginiko aurkezpenean liburu biak egokitu dituen Xabier Monasteriok nabarmendu du euskarazko irakurketan abiatzen direnei zuzenduta daudela bi liburuok, Euskara errazean bilduma osatzen duten aurreko lau goiburuak bezalaxe, batez ere euskaltegietan eta A eta B ereduetako ikastetxeetan dabiltzan ikasleei begira.

Idazketa eskuragarri honek munduko hainbat herrialdetan zabalduta dagoen Easy to Read izeneko mugimenduarekin bat egiten duen arren, Imanol Berriatua zenaren ekimena gogora ekarri du Monasteriok, euskalduntze bidean dauden herritarrei literatura egokia eskaini behar zaiela iritzita, eta Berriatuak 1981ean esandakoa ekarri du gogora, gurean kontu berria ez dela azpimarratzeko: «Literatura erraz hau behar-beharrezkoa da. Euskal Herrian bi milioi herritar euskaldundu behar ditugu, eta lagun horiei euskara erraza eman behar zaie, noski».

Willy Pradera ilustratzaileak egin ditu bi liburuotako ilustrazioak eta Kresalan, ilustrazioez gain dauden 34 argazki zaharrak Ondarroako Historia Zaleak elkarteak emanak dira. Kresalak, gainera, Iban Arantzamendi ondarrutarraren testu osagarriak ditu kapitulu bakoitzean. Arantzamendik azaldu duenez, testuotan “orduko egoera sakonago azaltzen saiatu naiz, gai horiek garatzen”. Lanean hasi eta berehala jabetu zen, ordea, orain dela gutxi gertatutako historia oso ahaztuta dagoela: “Gure belaunaldia ez da itsasora joan, ehun urteotan kostaldeko herriak erabat aldatu dira eta guk katea eten dugu. Nire kasuan zorra sentitzen nuen, mundu horrekin apurtu duen belaunaldia garelako”, adierazi du Arantzamendik.

Ondarroako Historia Zaleak taldeak ekimenarekin kolaboratu du, Arantzamendiri informazioak emanez eta liburuan ageri den argazki aukera ederra emanez. Elkartearen izenean mintzatu den Fernando Agirrek azaldu du garai bateko Ondarroaren argazki ederra osatzen duela liburuak eta, liburukoez gain, beste 4000 inguru argazki zahar dituela elkarteak eta prest dagoela horrelako zabalkunde helburuak dituen edozein ekimeni laguntza emateko, “azken batean, herritarren oroitzapenak gorde, artxibo fonografikoa osatu eta argazki zaharren bilduma zaindu, egokitu eta gaurkotzeko helburuak” dituela 2001ean sortutako elkarteak.

Gaurko aurkezpenean Willy Praderak azpimarratu du ilustrazioak egiteko izan duen askatasuna eta bi gaiek berarengan piztu duten interesa: “Kresala itsasoari buruzko amodio istorioa da eta mende hasierako garaia erakustea oso gustoko izan dut. Sakiren ipuinak egia da bat irakurtzen hasi orduko, beste guztiak irakurtzeko beharra sentitzen duzula. Biekin oso gustora ibili naiz”, adierazi du Praderak.

Recent Posts

Leave a Comment

Mezua bidaliguzu

Bidaliguzu mezua eta saiatuko gara ahal bezain laster erantzuten.

Not readable? Change text. captcha txt

Start typing and press Enter to search