“20 urtez euskal taupada” diskoa

14,00 Zergak barne

Bilbo Hiria irratiak hogei urte bete ditu 2017an. Zenbat Gararen ekimenez eta euskara sustatzeko helburuz sortua, hogei urte eman ditu hiriko uhinak euskarazko kultura edukiekin hornitzen, botxoko euskaldunon komunitateari ekarpen duina egiten.

Urtemuga biribila ospatzeko, besteak beste, irratiakbidelagun izan dituen euskal artista zenbaitekin diskoa osatzeko proiektua jarri zuen Bilbo Hiriak eta hemen daukagu emaitza, Josu Zabalaren gidaritzapean zenbait euskal musikarik osatutako bilduma bitxia, berariaz egindako bertsio, dueto eta kolaborazio bereziak biltzen dituena:

  • Ama Euskal Herria (A. Duhalde eta Aire ahizpak)
  • Egun argian (Mikel Urdangarin eta Izaro)
  • Ez da posible (Ruper Ordorika, Rory McLeod)
  • Hondarretik Ondarroara (Zea Mays eta Cris Lizarraga)
  • Sutan nago (Txuma, Petti, Rafa Rueda)
  • Soluzioa (Hedoi Etxarte, Maisha MC)
  • E, lagun (PiLT, J.P. Lohian)
  • Gora gu eta gutarrak (Xabi Aburruzaga eta Bilbo Hiria irratiko lagunak)

Diskoa urriaren 31n aurkeztu zen Kafe Antzokian, Bilbo Hiriaren 20. urteurren festan, eta, bertan, diskoan parte hartutako zenbait musikari aritu ziren zuzenean.

SKU: 20 urtez euskal taupada Kategoriak: , Etiketak: ,

Deskribapena

 

Aurrerapen moduan hona hemen irratiko kideon artean abestutako Gora gu eta gutarrak abestia MP3 formatuan:

Bideo honetan irratiaren hastapenak oroitzen ditu Anje Duhaldek, Aire ahizpekin diskorako egindako grabaketa saioan:

 

Hizkuntza, kultura eta herria. Horiek dira 20 urte bete dituen Bilbo aldeko euskaldunei zuzentzen zaien irratiaren hiru ezaugarri nabarmenenak. Zelan laburbildu hori guztiori disko batean?

Gabriel Aresti gogoan, erdalerrian euskaraz jarduten den irratia da Zenbat Gara elkarteak duela bi hamarkada uhinarazi zuena.

Gai asko jorratzen ditu egunerokoan Bilbo Hiriak baina bizilagun duen Kafe Antzokiaren abaroan sortu zela dakigulako-edo, askok Bilbo Hiria oro har kulturarekin eta beren beregi musikarekin lotzen dugu.

Euskaldunen komunitatea trinkotzeko sortu zuten Bilbo Hiria irratia, Bilbo aldean herrigintzan ari diren euskaldunei ahotsa emateko, engaiamendua eta festa aldarrikatzeko, izerdia eta bizipoza.

Eta horixe da 20. urteurrena ospatzeko disko honetan entzun daitekeena, hain zuzen ere, ezaugarri horiek batzen dute bestela sakabanatuegia, desorekatuegia litzatekeen disko bat.

XXI. mendeko irrati eta hiri batean euskarak etorkizuna izatea gure esku dagoela gogorazten digute Aire Ahizpak hirukoteak eta Anje Duhaldek, lehenen aitita Xalbadorren bertsoak eta bigarrenaren aspaldiko doinuaren moldaketa eginez.

Kantagintzan urteak daroatzaten musikariak plazara atera berriekin elkartu dituzte gure musikaren transmisioa zein garrantzitsua den adierazi nahian. Irratiak legetxe kantagintzan 20 urte bete dituen Mikel Urdangarin guztion arreta bereganatu duen Izarorekin jarri dute kantuan edota Belako taldeko Cris Lizarraga Zea Maysekoekin.

Munduko gainontzekoak beste da unibertsala euskara eta Bilboko Kafe Antzokiak horixe erakusten digu bertan aterpetzen garenoi. Euskaraz dena kantatu liteke, euskaraz edozer kantatu liteke: euskaraz folka, euskaraz rocka, euskaraz trap musika berritzaileenetakoa.

Ruper Ordorika eta Rory McLeod, gitarra, harmonika eta ahotsa lagun entzun ditzakegu 1990eko Ez da posible kantaren zuzeneko bertsio organiko batean.

PILT eta JP Loihanek Jawbox taldearen Savory dakarte euskaraz, beste hainbeste Txuma Murugarrenek, Pettik eta Rafa Ruedak Nick Caven Babe, I am on fire euskarari Sutan nago gisa ekarrita.

Maisha MCk eta Hedoi Etxartek, trapa eta klasikoa biltzen dituzte herritar askoren ikuspegitik errotik aldatu beharreko XXI. mendeko gizarte eredu ustelari kantatzeko.

Biba Pellot, biba festa! entzunez gero badakigu jakin Zenbat Garatarrak ez daudena urrun, horregatik ez gaitu harritzen diskoaren amaierarako Gu ta Gutarrak taldearen izen bereko ereserkia moldatu izana diskoa agurtu eta borobiltzeko. Hizkuntza, kultura eta herria, engaiamendua eta festa. Infernuko hauspoari Xabi Aburruzagak eragiten dio honakoan eta Bilbo Hiria irratian esatari aritzen diren hamaika lagunek kantatzen dituzte Josemi Larrabeitik jarritako bertsoak, zeintzuetan Apolo eta Mieltxo irratiko kide zenduak goratzen dituzten.

Ustezko anabasa hau orekatzen Josu Zabala eta Xanpe aritu dira, bata ekoizle lanetan, bestea teknikari. Hasierako helburua lortu dutelakoan gaude zeren etxekoa bezain mundukoa da diskoa, lokala delako unibertsala, askotarikoa eta batua.

Gotzon Barandiaran

Informazio gehigarria

Pisua 0.088 kg
Tamaina 0.5 × 14 × 12.5 cm

Baliteke hau ere gustuko izatea…

Mezua bidaliguzu

Bidaliguzu mezua eta saiatuko gara ahal bezain laster erantzuten.

Not readable? Change text. captcha txt

Start typing and press Enter to search