Bilbon dabil Gabriel Aresti – Karmelo Landa

20,00 Zergak barne

Karmelo Landak idatzia eta BilbaoArten diseinatu eta maketatua, ERROA argitaletxeak argitaratu du, Bilboko Udalarekin lankidetzan, eta Gabriel Aresti Kultur Elkartearen ekimenez.

Liburu originala da hau, izan ere, bertan Bilboko kaleetatik ibilbidea egiten du Landak; Aresti bizi izandako, bere testuetan aipatutako edo jardundako lekuak ageri dira eta, horiekin, Bilbo sakon ezagutzeko gida bat osatu du egileak. Bilboko gatazka sozial, kultural eta linguistikoak ezagutzeko saiakera ere bada, gainera, liburu hau, bertan azaltzen baitira Arestik bizi izan zituen moduan, baina gai horiek egungo Bilbora ekartzen ditu liburuak, gaurkotuta, eta, beraz, oraingo Bilboren gida eta ispilua ere bada. Era berean, Euskal Herriaren beraren ispilu eta agertoki ere bada Bilbo, azken hamarkadatan bizi eta ezagutu dituen metamorfosi eta aldaketa sakonen ispilu, Euskal Herriaren egungo egoeraren isla eta ispilu.

Bilbo sakonean ezagutu nahi duenarentzat ez ezik, euskara ikasten ari denarentzat ere erabilgarria da “Bilbon dabil Gabriel Aresti”, liburuak audio material osagarria baitu Bilbo Hiria irratian egindako izen bereko saio sortan. Izan ere, bilbohiria.eus webgunean topatuko ditugu Karmelo Landa eta Xabier Monasterioren arteko elkarrizketak, tokiz toki ibilbideko gune bakoitzaren gaineko jakingarriekin. Gainera, bertan proposatzen diren ibilbideak gauzatu egingo dira datozen hilabeteetan antolatuko diren ibilaldi gidatuetan.

Idazlearen esanetan, proiektu honen helburua “Bilbok, Euskal Herrian kokatu eta bere nortasuna berraurkitu dezan lagungarri” izatea da, inor izatekotan Bilboko euskal idazle nagusia den Gabriel Arestiren eskutik. Bilbo badabil, eta Gabriel Aresti Bilbon bertan dabil gaur egun.

SKU: Bilbon dabil Gabriel Aresti Kategoriak: ,

Deskribapena

Bilbon dabil Gabriel Aresti” liburu honek ibilaldia proposatzen digu, 16 ataletan, Bilbon zehar, Gabriel Arestiren eskutik. Ibilaldiaren hasiera Barroeta Aldamar kalean da, Gabriel Aresti jaio zen etxearen ondoan, garai bateko portuaren eta aduanaren alboan, eta hortik aurrera plazaz plaza eta kalerik kale bisitatzen dira hainbat gune esanguratsu Bilbon. Areatzan amaitzen da ibilaldia, azken gunetzat Arriaga plaza hartuta.

Ibilaldi-narrazio honen denbora-erreferentzia nagusiak hauek dira: hasiera Gabriel Arestiren jaiotzaren eta lehen urteen garaian kokatzen da, Bilbo frankismoaren menpe gelditu zen garaian, eta Gabriel Arestiren bizitzan zehar garatzen da, baina haren heriotzan eten ordez, gaurko egunetara arte luzatzen da ibilaldi narratiboa. Orainaldian idatzia dago azkena, beraz: Bilbon dabil Gabriel Aresti gaur egun.

Egitura orokor honen barruan, Bilboren eta, hedaduraz, Euskal Herri osoaren ibilbide garaikidea aztertzen duen saio mardul eta sakona eskaintzen da liburuan, Gabriel Arestiren lan osoa erreferentzia nagusi hartu eta, zabal eta zehatz, gaur arte luzatuz.

Egitura osoa eta hamasei atal horietako bakoitza egokitu dira era guztietako gaiak aurkezteko. Horrela laburbil daiteke edukien tratamendua liburuan:

  1. Bilbon ibilian, Barroeta Aldamar kalea,2 (25. orrialdea): haurtzaroa gerraren eta frankismoaren menpeko urteetan; familia barruko transmisioa eten eta kultura ordezkatu-inposatua eskolan eta hirian. Euskararen eta herri nortasunaren bilaketa pertsonala Bilbon.

  2. Abandoko errepublikan, Albia, Albia lorategiak (33. orrialdea): Abertzaletasun jeltzalea eta Sabino Aranaren etxea, frankismoak suntsitu eta ezabatu nahi dituen nortasunaren garaiko erreferentziak. Frankismoaren jokabidea Bilbon

  1. Bilboko kaleak, gora eta behera, Mazarredo zumarkalea, 63 (43. orrialdea): Bilboren nortasun kolektiboa, kaleen eta plazen izendegietan islatzen den ordezkatze prozesu historikoa.

  1. Arte Ederren Museoan, Euskadi plaza (53. orrialdea): artearen funtzio soziala hirian, historia garaikidearen une desberdinetan gaur arte.

  1. Gabriel Aresti Bilbo berrituan, Euskadi plaza, 1 (65. 0rrialdea): frankismoaren ondorengo trantsizioa Bilbon, hiriaren metamorfosia eta nortasun zaharberrituen talka.

  1. Herri langilea, Euskalduna, portura begira (75. orrialdean): Bilboko herri langilearen historia garaikidea: migrazioak, industria guneak, lantegi berriak, ondorengo industria astunaren krisia eta bizi iraupenerako borrokak, ondorio sozialak eta azken aldaketa sakonak gizarte urbanoaren egituran.

  1. Familia bilbotar bat, Tellagorri kalea Basurtun ( 87. Orrialdea): familiaren osaketa krisian aurkitzen den hirian: lana, etxebizitza, harremanen sozializazioa.

  1. Bilbokoak, bilbainoak, bilbotarrak, Etxetxua plaza, La Casilla (101.orrialdea): soziologia urbanoaren konplexutasuna Bilbon: etorkinak, txabolak eta auzo berriak, integrazio-asimilazio prozesuak, nortasun partekatua nola osatu.

  1. Konkordia eta diskordantzia, Jose Maria Olabarri kalea (115. orrialdea): euskara eta gaztelera, elkarbizitza ala talka hirian, konkordia ala diskordantzia. Euskal eta erdal idazleen elkartze baten esperientzia La Concordia kafetegi bilbotar historikoaren egoitzan eta handik atera zen guztia.

  1. Aresti eta Oteiza Bilbon, Ernesto Erkoreka plaza (125. orrialdea): Euskal Herria artearen eta kulturaren bideetatik eraikitzeko saio zehatzak. Arestiren eta Oteizaren bideak eta bien arteko harremanak .

  1. Euskaltzaindia Gabriel Arestiren Bilbon, Plaza Barria (137. orrialdea): Euskara batuaren sorreraren prozesu epikoa Gabriel Arestiren ekarpenetik eta Bilbotik begiratua.

  1. Bilbo matxinatu zenean, Bilboko Kontsulatua plaza (153. orrialdea): Bilbo hiriaren sorrera gunea, plaza zaharra, portua eta Zazpikaleak. Bilbotarren matxinadak, hiriko agintarien eta Gaztelaren arteko harremanak historian, Gorte espainiarrekiko loturak, jauntxoen oligarkia bilbotarraren jokabidea eta honek guztiak hiriaren garapenean duen garrantzia.

  1. Bilboko barrenkalearen barrenean, mintegia, Barrenkale Barrena (167. orrialdea): euskal literatura-kultura sistemaren eguneratzea Gabriel Arestiren garaian eta ondoren Bilbon bertan eta Euskal Herri osora begira.

  1. Gabriel Arestiren paisaia bilbotarrak, Areatzako kioskoa (177. orrialdea): hiriko paisaiak gertaera zehatzei lotuak, kronika urbanoa espazio ugaritan islatua.

  1. Bilbotik Eara enararen begiak, Loreen merkatua, Areatza ( 193. orrialdea): Bilbotarren sasoiko migrazioa Bizkaiko itsasertzeko herrietara, Aresti familia Bilbotik Eara eta han bizi izandakoa.

  1. Bilbo da etxea, Arriaga plaza (205. orrialdea): Bilbo da etxea, euskal unibertsoaren errepresentazio sinboliko berritua Gabriel Arestiren asmoan, proiektuetan eta lanean, bizitzan. Sinbologia berri egokituaren aurkezpena eta azterketa zehaztua: ogia eta euskara, ura eta sua, harria eta itogina, mailua eta biola, Anton eta Gilen, kaleak eta plazak, aitaren etxea eta amaren sutondoa. Bilbo eta Euskal Herria munduaren aurrean.

Informazio gehigarria

Pisua 0,710 Kg
Tamaina 2,3 × 17 × 24 cm
Ezaugarri teknikoak

• Karmelo LANDA: BILBON DABIL GABRIEL ARESTI.
Bilbo, 2021 azaroa.
ERROA argitaletxea.
215 orrialde gehi bibliografia, erreferentziak eta oharrak.

ISBN: 978-84-948076-6-4
Lege-gordailua: BI-01644-2021
Babesleak: Bilboko Udala, Gabriel Aresti Kultura Elkartea, BilbaoArte fundazioa, Erroa argitaletxea.
Ilustrazioak: Ruth JUAN, M & B
Diseinua eta maketazioa: Aitor ARAKISTAIN (BILBAOARTE fundazioa).
Inprimategia: IGOR CASAS, GRAFILUR

Eduki gehigarriak

a).-Liburuaren edukiak atalez atal audioan aztertzen dituen programazioa: Bilbo Hiria irratiaren webgunean eskainiko dira modu progresiboan, 16 atalak osatu arte: ikus hemen eta entzun : https://www.bilbohiria.eus/saioak/bilbon-dabil-gabriel-aresti

b).- Ibilaldiak Bilbon zehar: liburuaren egileak, Gabriel Aresti Kultura Elkarteak eta Erroa argitaletxeak ibilaldiak eratu eta eskainiko dituzte, liburuan marrazten den planoaz baliatu eta atal desberdinak bisitatu, bakoitzeko gaiak aztertu, Gabriel Arestiren poemak eta lanak testuinguru zehatzetan kokatu eta bizitzeko moduan.

Baliteke hau ere gustuko izatea…

Mezua bidaliguzu

Bidaliguzu mezua eta saiatuko gara ahal bezain laster erantzuten.

Not readable? Change text. captcha txt

Start typing and press Enter to search

Amaiur! Libera State