“Bilbon dabil Gabriel Aresti” liburua aurkeztu da gaur

 In Uncategorized

Gaur aurkeztu da Bilboko Udaletxean Karmelo Landak idatzitako “Bilbon dabil Gabriel Aresti” liburua. Aurkezpen ofizialean parte hartu dute, idazleaz gain, Gabriel Aresti kultura elkartearen eta liburua finantzatu duen Bilboko Udaleko ordezkariak ere. Larunbatean Durangoko Azokan aurkeztuko da liburua eta, datozen egunotan, liburu-dendetan egongo da salgai, 20 euroan.

Juan Mari Aburto alkateak aurkezpenean nabarmendu duenez, “hau ez da beste biografia bat, baizik eta Arestik frankismoaren urte gogor eta ilun haietan korritu zituen kale eta txokoetan zeharreko bidaien liburu moduko bat”. Bere iritziz, gaur aurkeztutakoa “erreferentzia-liburu bihurtuko da, gure poeta euskaldun handiaren unibertsoan murgiltzeko”.

Gabriel Aresti kultura elkartearen izenean mintzatu den Xabier Monasterioren arabera, idazle klasikoak “ez dira inoiz hiltzen, beraiek esandakoak eta egindakoak denon gogoan atxikiak gelditzen direlako betiko, eta idazle batzuekiko atxikimendua hain da handia, ezen denboraren poderioz beren herriaren edo hiriaren ikur bihurtzen baitira”. Baudelaire, Stevenson eta Joycerekin parekatu du Monasteriok Aresti, bere aburuz “inolako ezbairik gabe, gure hiriarekin lotura estuena duen idazlea”. Liburua “elkarlanaren emaitza” dela gogoratu du Monasteriok, izan ere, elkartea, idazlearen senideak, Karmelo Landa eta Erroa argitaletxea eta BilbaoArte fundazioa elkartuta sortu dute.

Karmelo Landa irakasle eta ikertzailea izan da liburuko testuen eta egituraren sortzailea. Urte asko eman ditu Arestiren figura aztertzen, haren lanak aztertzen eta argitaratzen, eta idazlearekiko miresmenaren sorrerara jo du, liburu honen jatorria azaltzeko. Gogora ekarri du nola, 17 urterekin, Eatik Bilbora ikasle joan zen eta, frankismoko Bilbo ezagutzeaz gain Gabriel Aresti bera ezagutu zuen garaia. Irakasle, ekintzaile eta bide-erakusle bat topatu zuen Arestirengan, “Bilbok inoiz izan duen euskal idazle, kulturgile eta ekintzailerik behinena”, Landaren esanetan.

Liburuan hainbat roletan jarri du Landak Aresti: “Unamunorekin lehian, Oteizarekin eztabaidan, Axularren ikasle, Mitxelenarekin elkarlanean, Ibarrolaren lagun, Oskorriren doinuan, Meliri eskua emanda, Atxagaren maisu, lagunen lagun dator  eta dabil Gabriel Aresti Bilbon gaur. Bere atzetik doanak asko ikasiko du.”

Turistentzako gidak eta bisita gidatuak modan dauden garai honetan, topikoz jositako mezu arin eta azalekoekin, Bilbo ezagutzeko “gidarik onena da” Gabriel Aresti, Karmelo Landaren aburuz. “Bilbo benetan eta sakon ezagutu nahi duenak, sustraietatik gaur arte, liburu honetan datorren ibilaldi gidatu hau egin behar du”, esan du Landak. “Bilbo Euskal Herrian sustraitu eta zuzenean munduan kokatu egiten du hemen Gabriel Arestik”.

Material osagarria, ibilbideak eta aurkezpenak

Liburuaren ilustrazioak Ruth Juan eta M&Bk eginak dira, eta diseinua eta maketazioa BilbaoArteko Aitor Arakistainek egin du; 2000 aleko tirada egin da eta 20 euroko salneurria izango du.

Baina “Bilbon dabil Gabriel Aresti” ez da soilik liburua izango, transmedia eduki osagarriak izango dira Bilbo Hiria irratian izen berarekin ekoitzitako audio podcastak, eta ibilbide gidatuak antolatuko dira Karmelo Landaren beraren eskutik ibilbidea bertatik bertara ezagutzeko. Proiektuaren gaineko jakingarri guztiak www.erroa.eus webgunean aurkituko ditugu, datak zehaztu ahala.

Esan bezala, “Bilbon dabil Gabriel Aresti” larunbatean aurkeztuko da Durangoko Azokan, abenduaren 4an, Landakoko Areto Nagusian, 17:30ean. Ondoren, aurkezpen dramatizatua egingo da, abenduaren 16an, Euskaltzaindiaren egoitzan, 19:30ean, Bilboko Plaza Barrian, Mikel Martinez aktorearen laguntzaz. Auzoz auzoko aurkezpenak ere egingo dira, datozen hilabeteotan, Bilboko hainbat auzotan.

Recommended Posts

Leave a Comment

Mezua bidaliguzu

Bidaliguzu mezua eta saiatuko gara ahal bezain laster erantzuten.

Not readable? Change text. captcha txt

Start typing and press Enter to search