Asisko Urmenetak “Sugarren mende” liburua aurkeztu du Durangon

 In Albisteak

Sugarren mende liburu berria aurkeztu du Asisko Urmenetak Durangoko azokan. Aurkezpenean Asiskok azaldu duenez, agiritegietan, unibertsitate-tesietan eta liburuetan egindako ikerketa zabal baten emaitza da liburua eta, Aingeru Epaltzak iazko Aztihitza liburuari buruz esan zuen gisa berean, “saiakera grafikoa” dei daiteke.  Zugarramurdi herriari gorazarre egin nahi izan dio Asiskok, azaldu duenez, “bertako herritar batzuek kontatu nahi izan baitute zer izan zen sorgin ehiza beren herrian”. Hortaz, Erroa argitaletxea, Gure Berriak eta eta Lapurdi 1609 argitaratzaileez gain, lankidetzan ekoitzi dute hainbat udalerriren artean, “masakre handiena eman zen herriak bilduta”, Erronkaritik Ameskoaraino eta Lapurdiko herri ugarik hartu dute parte bertan.

Sorgin ehiza esplikatzen zaigularik bere momentuan Pedro Oleak Akelarre filmarekin irekitako bidetik egiten da, Asiskoren aburuz. “Montxo Armendarizek esan zuen orduan bidea gaizki hasi genuela, sorgin ehiza euskaldunontzat western bat izan zitekeen, baina Oleak zabaldutako bidea errepikatuz joan da urteetan. Sorgin ehiza azaltzeko oinarritzen da pasio batean, amodiozko istorio bat balitz bezala, lehenengo filmetik azkenera, eta tartean izan diren egokitzapen literarioek bide beretik jo dute”.

Fokoa lekuz aldatu du Asiskok, ustezko akelarrea zer zen azaldu beharrean, zanpaketan: “Inkisidorea nondik nora agertu da Zugarramurdin? Logroñotik film batean, Bordeletik bestean. Hori da anomalia, ez kontatzea nork igorri duen inkisidore hori, eta ez kontatzea zer izan zen makinaria izugarri eraginkor hura, mende oso batez hainbeste jende suntsitzeko”. Akelarre hitza “inkisidoreen asmaketa izan zen, sorgina hitza ere 1478an edo, latinez “sorcelibus (…) sorginas” ageri da dokumentuetan”.

Protagonistak liburuan, hortaz, gaiztakeria horren arduradunak dira, ez sorginkeriaz akusatutako biktimak. “Gure historiako infameen biografiak egin behar zirela zioen Pablo Antoñana handiak, beren krimenak jakin ditzagun”, azaldu du Asiskok eta, hala, liburuan horrelako bi pertsonaia maltzur bi nagusitzen dira: batetik Pierre de Lancre, Bordeleko parlamentutik sorginak erretzera bidalia, bestetik, Leon Aranibar, Arantzako semea.. urdazubin muga ezarri zuten konksitaren ondoren, eta bertan Leon Aranibar komisario inquisitorial moduan ezarri zuten eta berak eraman zituen zugarramurdiarrak Logroñora. Koroarentzat espioitza sarea harilkatzeko zeregina zuen Aranibarrek Nafarroa konkistatu berrian, Iruñeara eta, handik, Madrilera igortzen baitzituen informazioak.

Aranibar bera ageri da prozesuko paperetan, baina orain arte rol politiko eta inkisitorialaren artean loturarik ez dela egin azpimarratu du Asiskok. “Nik egin dudana, Interneti esker, hemen sekula ez da kontatu zergatik inkisidore haiek paratxutatuak izan ziren hemen. Bada, aski da pentsatzea Espainiako inkisizioak une batez 30 tribunal izan dituela bere menpeko lurralde anitzetan: Sizilian hasi eta Filipinetan bukatu, Portugal okupatutik eta Nafarroa okupatutik pasatuta. Unibertsitate tesietan behin eta berriro aipatzen da tribunal politikoa zela”, seinalatu du Urmenetak.  “Filipinetan bada tesi bat zera dioena: ‘lehenengo militarrak etortzen ziren, buruzagiak hiltzen zituzten eta gero inkisizioak ezartzen zuen espainiar kolonialismoaren orden politiko eta erligiosoa’. Portugaleko ikerketetan ere argi geratzen da Espainiako koroaren tresna zela disidentzia politiko oro paretik kentzeko. Zergatik ez zaigu, bada, era horretan kontatzen?

Kontaketa ofizialetan, egundaino, alderdi magikoei eta sineskeriei erreparatzen zaiela gogoratu du Asiskok, eta horren adibide jarri du egunotan Iruñean dagoen Maleficium erakusketa. “Baina zerk eraman du, Aro Modernoan sartuta (1610) ilustratu horiek erranaraztera akusatuek odola xurgatzen zutela. Izugarrikeria horiek guztiak nork sinesten zituen? Inkisidoreek ez, akusatuek ere ez, sorginak zirenik ukatuz hil baitziren”, azaldu du Asiskok.

Hala ere, oraindik irudi literario eta estereotipatu hori bultzatzen jarraitzen dute leku gehienetan, akusatuek egiazki deabrukeriak eta sorginkeriak egin balituzte. “Narratiba nazional propioa ez dugun bitartean beste narratiba bat sartuko da haren lekuan” abisatu du Asiskok. “Segituko dugu pentsatzen mandragora hartzen ote zuten… Tesi serioak irakurri. Joan Mexikora eta han aterako dizute sekulako bibliografia errateko inkisizioa salbuespenezko tribunala zela”. Izan ere, Nafarroako Foruek akusatuak erresumatik ateratzea galerazten zuten, baina Asiskoren arabera, horregatik asmatu ziren akusazio lazgarri haiek, akusatuak “salbuespen moduan terrorismoa leporatuta, torturatu, xirtxifrikatu eta hiltzeko”.

Beldurra betikotzeko helburua zuen inkisizioak prozesu horiekin, hiru belaunaldiz zigortuak baitziren ondorengoak. Damnatio memoriae konzeptuaren bidez, pertsona erretzeaz gain, haren izenari eta oroimenari ere su ematen zioten. Horren aurrean, “narratiba nazionalaren bidetik eta manera duin batez, gauza gehiago kontatzen saiatuko gara”, esan du Urmenetak, “izan ere, ‘sorginak deitzen zieten haiek gure arbasoak ziren’, Mixel Mendiburu senpertarrak dioen bezala”.

Aurkezpenaren bideoa Durangoko Azokaren webgunean ikusgai dago, eta hemen dituzue aurkezpenean esandakoak entzungai:

 

Recommended Posts

Leave a Comment

Mezua bidaliguzu

Bidaliguzu mezua eta saiatuko gara ahal bezain laster erantzuten.

Not readable? Change text. captcha txt

Start typing and press Enter to search