AztiHitza ikuskizuna maiatz-ekainean, Xahoren bideari jarraiki

 In Albisteak

Agosti Xahok egin zuen ibilbideko zenbait herritatik iraganen dira AztiHitza ikuskizunaren saioak maiatz eta ekainean. Xahok 1835ean egindako ibilbidea du ardatz Asiskoren AztiHitza eleberri grafikoak, eta berau oinarri hartuta, AztiHitza ikuskizuna prestatu dute, hainbat artistaren laguntzaz. Solasaldi marraztua eskainiko du Asiskok, antzerkia Antxok, Axerik eta Oihanartek, eta kantaldia Ihitzek eta Xan Mitxelek. Lehendabiziko hitzordua Beran izanen da aste honetako ostegunean Beran (maiatzaren 9an), eta ondoren Goizuetan (17an), Uitzin (24an), Senpereko Oihanean (29an) eta Saran (31n). Ekainaren 6an Leitzan eta 14an Ezkurran izanen dugu AztiHitza ikuskizunaz gozatzeko aukera. Hitzorduotan AztiHitza liburua ezagutzeko eta eskuratzeko aukera izanen da. Eta udazkenaren hastapenean Xahoren ibilbidea bururatuko dugu: Baionatik Lekunberrira, Lesakan gaindi.

Xaho, heroi nazionala

“Euskal Herriko heroi nazionala” dugu Agosti Xaho, Asiskok ETBko Ahoz Aho saioan adierazi bezala. Haren figura aldarrikatu eta haren proposamen eta gogoetak gogora ekarri ditu marrazkilariak eleberri grafiko honen bidez. Errealitatetik oso hurbil dagoen fikzio batetik abiatu da egilea istorioari hasiera emateko: “Bizkaitar batzuek Atharratzeko trinketea erosi dute, eta bertako gazteei utzi, nahi duten gisan kudeatzeko. Baldintza: Bertan sortu zen Agosti Xahori (1811n) omen egitea. Bazuen aspaldi Basaburuko gazteak egoitza xerka ari zirela, eta onartu egin dute ezohiko tratua. Baina hasteko… Nor zen Xaho delako hura?”.

Zinezko egitate honek parada eman digu gure heroi nazionala hobeki ezagutzeko, izan ere, oraintsu arte euskaratu gabe zegoen Xahoren Bidaia Nafarroara Euskaldunen oldartzearen denboran liburua aurkitu, eta bidaia hura berreginen dute Atharratzeko gazteek, eta kronika irakurriz segituko du egilea Baionatik Lekunberriraino, euskaldunen lehen oldarraldian (1835ean). Gainera, misterioz beteriko etxea dugu Xahoenea bera, eta bakarrik gelditzen denean, Xilbiri agertzen zaizkio aspaldiko espirituak, zeintzuek osatuko baitute Agosti Xahoren hedadura: hizkuntzalaritzan, politikan, kazetaritzan, kosmogonian… Eta egoitza herrikideei zabaltzen dutenerako, Xilbik eta gainerako gazteek etxekotua daukate euskaldun ezinbesteko hura.

Azaroan aurkeztu zuen Asiskok bere AztiHitza liburua eta Durangoko Azokan ere aurkeztu eta arrakasta handiz saldu zen. Erroa argitaletxea, Prefosta elkartea, Gure Berriak webgunea eta Herrima elkartea bildu dituen mugaz gaindiko ekimena dugu liburua.

 

Recommended Posts

Leave a Comment

Mezua bidaliguzu

Bidaliguzu mezua eta saiatuko gara ahal bezain laster erantzuten.

Not readable? Change text. captcha txt

Start typing and press Enter to search