Hektor Ortegaren “Gomutan” ostiralean aurkeztuko dugu FNAC liburu dendan
Ane Pikazaren ilustrazioen erakusketa zabalik izango da FNACen otsailaren 15era arte.
Hektor Ortega historialariak eta Ane Pikaza ilustratzaileak Bilboko historiari buruzko GOMUTAN, Bilboko historiaren atal ezezagunak liburua aurkeztuko dute datorren ostiralean, urtarrilaren 25ean, arratsaldeko 19:00etan. Bestalde, ERAKUSKETA: 2019ko urtarrilaren 15etik otsailaren 15era bitartean. Ane Pikaza irudigileak libururako egindako 10 marrazki izango dira ikusgai FNAC Bilbon. Liburua 40 istorioz eta beste horrenbeste irudiz osatuta dago.
LIBURUAREN AURKEZPENA
“Gomutan, Bilboko historiaren atal ezezagunak” liburuan egileak hausnarketa ederra egiten du iragan mendeetan Bilbon jazotako gertaera ahaztuez eta protagonista ezezagunez. Bilbo Hiria irratian Gomutan izenburu berberaz egiten duen irratsaioan oinarriturik prestatu du liburu hau, oraingo irakurleok Bilboko historiaren pasarte ezezagunak eta ahaztuak gomutara ekar ditzagun.
Egileak berak sarreran dioen bezala, «Bilbori buruzko historia ofizialak ahaztu asko utzi ditu bazterretan». Horixe gertatu zaie emakumeei, dudarik gabe. Bizenta Mogeli, Abandoko emakume idazleari, esaterako. Euskal literaturaren historian, ostera, lehenengo emakume idazle gisa aipatzen da. Lehen liburua, Ipui onak izenekoa, 22 urte zituelarik idatzi zuen Bizenta Mogelek.
“Gomutan, Bilboko historiako atal ezezagunak” liburua elkarlan eder baten emaitza da. Lehenik, Zenbat Gara elkarteko ekimenak diren Bilbo Hiria irratiaren eta Erroa argitaletxearen bultzadaz, Hektor Ortega historialariak izen bereko irratsaioaren edukiak prestatu zituen, eta orain, Bilboko Udalaren babesaz eta diru laguntzaz eta BilbaoArte Fundazioaren diseinuaz, liburu tankera eman zaio egitasmoari. Ahaztu gabe, noski, Ane Pikaza aktore eta marrazkilariak 40 irudi ederrez apaindu dituela Bilboko historiaren pasarte ezezagun hauek.
Datorren ostiralean, urtarrilaren 25ean, arratsaldeko 19,00etan, Hektor Ortegak eta Ane Pikazak liburua aurkeztuko dute Bilboko Fnac aretoan. Egileekin batera, Bilboko Udalaren Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotzia den Koldo Narbaiza eta Xabier Monasterio, Erroa argitaletxeko arduraduna, egongo dira aurkezpenean.
ERAKUSKETA
Bestalde, gaurdanik hasi eta otsailaren 15era arte, Ane Pikazak libururako egindako 10 marrazki izango ditugu ikusgai Fnac Bilboko galerian. Ondo ezagutzen duzu gure hiriaren historia? Zatoz eta gozatu erakusketaz!