Sarako Idazleen Biltzarrean izan da ERROA argitaletxea

 In Albisteak

Lehen aldia izan du ERROA argitaletxeak Sarako Idazleen Biltzarrean. Aurtengoa 36. edizioa izan da, eta apirilaren 22an eta 23an egin da, Pazko astelehenez eta asteartez. Lehenbiziko eguna bisitarientzat prestatua zegoen, eta bai goizean eta bai arratsaldean jende ugari bildu zen salmahaien inguruan zer liburu ikus eta eros. Azoka hartzen zuen kiroldegiaren ondoan jarria zegoen karpape zabalean liburu askoren aurkezpenak egin ziren egun osoan zehar. Bigarren eguna, aldiz, profesionalentzat izendatua zegoen, eta anitz izan ziren salmahaien aurretik informazio eskean iragan ziren euskaltegi, liburutegi eta mediateketako profesionalak.

ERROA argitaletxeak bere produktuak erakusteko eta saltzeko aukera izan zuen azoka honetan, eta, bide batez, gure liburuetan interesa izan dezaketen lagun eta elkarte askorekin harremanak abiatu genituen.

Denetarik erakutsi dugun arren, Asisko Urmenetak gurean kaleratutako Aztihitza eleberri grafikoa izan da, ezbairik gabe, salmenta onenak lortu dituen produktua. Egileak berak hasierako egunean estandean aleak sinatzen egoteak eta arratsaldean karpapeko aretoan aurkezpena egiteak zerikusi zuzena izan zuten, hain segur, arrakasta horretan.

Recommended Posts

Leave a Comment

Mezua bidaliguzu

Bidaliguzu mezua eta saiatuko gara ahal bezain laster erantzuten.

Not readable? Change text. captcha txt

Start typing and press Enter to search